top of page

Zer da DAP?

Proiektua

Antzerki eragile gisa, urteetan zehar kultur lanaren prekarizazioa, profesionalizazio falta, hobbie moduan ikusia izatea, babes falta eta gure lanaren garrantzia aitortua ez izatea izan dira gure egunerokotasuna. Hiriburuak izan dira beti kultur lanaren eta kulturgileen elkargune, herrietan eta Debagoiena bezalako bailaretan hauen presentzia minimoa izan delarik. Aldi berean, bakoitzak bere aldetik lan egiteko joera izan du; honek gabezia handiak sortu ditu eta honez gain, krisialdien aurrean erantzuteko gaitasuna txikitu du. Hala bada, orain inoiz baino gehiago, horri aurre egiteko beharra ikusi dugu, eta horregatik sortu dugu DAP. 

​

Debagoieneko Antzerki Plataforma gure bailaran euskarazko antzerkia eta arte eszenikoak eragin, indartu, eta saretzeko asmoarekin sortutako bailara mailako kultur proiektua da. Foku berezia jartzen dugu gainera bailarako euskarazko antzerkian, zeina bereziki landu eta sustatu nahi dugun. Proiektu integrala da, praktika artistikoa eta kultur lana bere osotasunean landu, elkarlana sustatu eta kultura eraldaketa sozialerako giltza bezala ulertzen duena. 

​

DAP proiektu irekia, ausarta eta aktiboa dela uste dugu. Ez gaitu beldurtzen jolasteak, gauza desberdinak frogatzeak eta erori eta berriz indarrarekin altxatzeko prest gaude. Orain artekoarekin nekatuta, kultura eragiteko modu eta bide berrietan murgiltzera goaz. 

 

Kulturak eta antzerkigintzak hainbat esparrutan presentzia behar du eta horregatik hainbat esparrutan eragin nahi dugu. Hala, momentu honetan DAPen proiektuan bost lan-lerro ditugu martxan dagoeneko: Formakuntza, Sormena, Komunikazioa, Plazara! eta Bidelagun. 

bottom of page